Auzorik auzo

Gernikara doan BI-2224 errepideari jarraituta, eskumaranzko autobide aldapatsuak Zeinka auzora eroango gaitu, eta bidean aurrera eginda, toki ikusgarrian dagoen Madalena baseliza (XV. mendekoa) begiztatuko dugu ezkerrean. Begien aurrean izango ditugu Zearregi eta Gerrika, mendialdeko beste bi auzune. Auzobidean aurrera eginda ailegatuko gara Gerrikaraino. Auzo honetako baserri batzuk Munitibarko udalerriari dagozkio, eta beste batzuk Ziortza-Bolibarri. Bertan dago, era berean, Santa Luzia baseliza, Ziortza bera baino zaharragoa. 2006an aurkikuntza arkeologiko esanguratsuak egin zituzten bertan Bizkaiko Foru Aldundiko ikerlariek: kanpaiak egiteko moldea, eta auzotarren zereal soberakina gordetzeko silo ikusgarria. Goi Erdi Aroko hilobiak eta leiho mozarabez izandakoa ere Santa Luziaren altxorren artean daude.

Zeinka-GerrikaMuniozguren

Urregarai eta Bedartzandi mendietako paisaia karstikoa eta Oiz ere parez pare edukiko ditugu. Zeinkan, berriz, baserrien artean azpimarratzekoa da Hormetxe baserria, XVIII. mendekoa, arku bikoa.

Markola errekaren bideari jarraituta, beherantz goaz bailararen bihurguneetatik. Eskumarantz Arta auzora doan bidea har dezakegu. Ziortza inguruko Goierria, Gerrika edo eta Zeinkaren modura, Arta ere mendi eta baso inguruetan IX. mende aldera sortutako bizilekua da. Badirudi herriska horiek Europako mendebaldeak IX. gizaldian bizi izan zuen ekonomiaren hazkundeari loturik sortu zirela. Goi Erdi Aro horretakoa da, jatorrian Artako San Pedro baseliza. Pagadi polit baten inguratzen du ermita, eta bertatik Markina-Xemeingo lur lautada, Ziortza bera eta Oiz parez pare ikusiko ditugu. Historiaren beste keinu eder bat ikusiko dugu baselizaren atzealdeko horman: X. mendeko leiho mozarabea. San Lorenzo (barrokoa) eta San Emeterio eta Zeledonioren ermita eta bolatokia ere auzo honetan daude kokatuta. Artako baserrien artean esanguratsuak dira Arizpe (XVII. mendekoa) eta Lezartza: dinteldun sarrera dauka, eta atzeko fatxadan eguzki irudiak, aingeru musikariak, Santiagoren irudia eta hainbat inskripzio. Baserriaren inguruan kanposantua zegoen.

ArtaIruzubieta

Artatik jaitsita, Iruzubieta auzora joko dugu, errekaren norabidean behera jarraituta. Iruzubieta. Hiru zubi. Bidegurutzea. Erreken topagunea. Markola errekak Artibairi uzten dio bere emaria puntu horretan. Lea-Artibai eta Durangaldea lotzen dituen errepidea eta Bolibar-Munitibar-Gernika ardatza batzen dira bertan. Bidegurutze izateko bokazioari erantzunda, makinabat langile, gidari eta bidaiariren geraleku dira, gaur egun, bertako jatetxeak. Auzotarren erabilpenerako egokitu den eskoletxea eta bere ondoko bolatokia ere Iruzubietan daude.