Historia

Udalerriko aztarna zaharrenak erromatar garaikoak dira. Etapa honen ondoren ixilaldi bat zabaldu zen, XI. mendera arte iraun zuena, erlijio-gune txiki batzuk sortu zirenean: Arta, Bolibar eta Ziortza.

Bolibar

Erdi Aroan Ziortzako Kolegiata nabarmentzen da. Ziortza edo Zenarruza izena 1082. urtean agertu zen lehen aldiz dokumentu idatzietan. Hala ere, tradizioz esan ohi da 968. urtekoa dela bertako eliza.

1380. urtetik aurrera hainbat abadek hartuko zuten Ziortzako buruzagitza. Lehenengoa Pedro Martínez de Marquina izan zen. Ziortzan gailendu zen abadea Diego Irusta izan zen eta berari esker, Ziortzan 1526an desagertutako ostatua eraberritu zen. Halaber, Irusta abadeak sortu zuen Ziortzan lehenengo liburutegia.

Aro Modernoan, Simón Bolívar “Zaharra”, Simón Bolívar “Askatzailearen” bostgarren aitona, maiorazkoaren legeak derrigortua, Ameriketara joan zen. XVI. mendearen amaieran, Bolibarrera itzuli, kaparetasun froga egin eta berriro Ameriketara doa.

XVIII. mendean, Konbentzioko Gudan (1793-1795) Markina eta Busturiako merindadeetako konpainiak Ondarroako hiria babestera joan ziren, kostaldeko hiri hau meatxatuta zegoelako.

XIX. mendean, Bigarren Gerra Karlistan (1872-1876), Santa Kruz Apaiza elizate honetara etorri zela esaten da.

XX. mendeko bigarren erdialdean, 1969an Markina-Xemeingo udalerriarekin anexionatu zen. Hamarkada batzuk geroago, 2004ko azaroaren 30ean desanexioa lortu ondoren, Udal berria sortu zen 2005eko urtarrilaren 27an, Ziortza-Bolibar izendapenarekin.