Oiz mendiaren magalean

Oiz mendiaren ipar-ekialdeko magaletan eraikitako bizilekuak dira Ziortza-Bolibarkoak. Gaur egun haize errota erraldoiek marrazten dute zeru ertza. Aspaldi-aspalditik, baina, artzaintza jarduerak markatu izan ditu bere larre eta basoen arteko mugak. Oraindik orain artzaintza jarduera mantentzen da herriaren gorengo lurretan. Horren adibide argi eta interesgarria da Muniozguren baserri-taberna. Artzaintza jardueragaz batera, ezagun egin du mendi-mendian dagoen baserriak bertako bildots erreen eskaintza.

Oiz mendia eta ardiak

Inguruko lurretan, berriz, aintzinako artzain korta borobilen oroimena toponimoetan gordeta geratu da: Gortaguren, Maskagakorta… Bazkarako lur komunalak ziren kortak (gazteleraz, sel), erdiko kortarriaren inguruan borobilean eginak. Oizera igotzeko, Ziortzako kolegiataren atzetik har daiteke mendiko bidea, Gortagurenen zehar igarotzen dena. Oiz, 1026 metrogaz, Bizkaiko bost mendi nagusietako bat da. Bizkaiko Batzar Nagusietarako deiadarra egiten zen Oiz, Gorbea, Sollube, Ganekogorta eta Kolitzatik XVI. mendera arte. Horren oroimenez, Bizkaiko Deiadar Mendien Eguna ospatzen da urtero Bizkaiko Batzar Nagusiek deituta. Urterik urte aldatzen joaten da ospakizunaren lekukoa.

Oizen, urtero, San Kristobaleko erromeria ospatzen da, uztailaren 10aren ondorengo domekan. Munitibarko mendi lurretan dago San Kristobal ermita, baina erromeriaren ospakizunak Oizen magal guztietako biztanleak batzen ditu, Lea-Artibai zein Durangaldetik joanak.