Ziortzako Monastegia

Ziortzako Monastegia

Kondairak dio 968ko Jasokunde Egunean, bertoko fededunak Gerrikako Santa Luzia elizan zeudela. Meza entzuten zeudela, arrano batek eliza horretako hilobi batetik garezur bat hartu zuen, hatzaparretan eroan, eta Ziortzako kokagunearen gainean askatu ei zuen, sasien gainera jausiaz- Hantxe eraikiko zen eliza. Hantxe, Bizkaian inoiz egon den kolegiata bakarra, gaur egun monasterioa dena. Ahozko tradizioak kontatzen duena harri gainean landuta geratu da betirako: Ziortzaren armarria arrano ageri da, garezurra hatzaparretan.

Monastegiko eliza

Kalagorriko apezpiku Don Gonzalo de Menak berreraiki eta handitu zuen Ziortzako Andra Mari eliza, eta 1380an eman zituen argitara abadetxearen arau izango zirenak. Sute handi batek Ziortzako zati handi bat erraustu zuen 1954ko urriaren 15ean. Ospitale zaharra, abadetxe berria, klaustroaren alboko etxe batzuk eta klaustroa bera erre ziren orduan. Urteetan hustura egon ostean, berriz, Nafarroako Olibako monasteriotik etorritako komunitate zistertarreko fraideek bizi berria eman zioten Ziortzari.

Ziortzak Euskadiko monumentu nazional izendapena dauka gaur egun. Hona hemen multzo historikoaren atalak:

  • Eliza: Jatorrian XIV. mendekoa da, gotiko estiloari dagokio. Barruan, Bizkaiko organo aspaldikoenetakoa gordetzen du. Eliza barruko zein atariko eskultura eta taila multzoa azpimarragarriak dira.
  • Klaustroa: Berpizkunde garaikoa.
  • Mendebaldeko atea: Erlijio gunerako ate nagusia da, puntu erdikoa eta Muxika-Butroi familiaren armarriagaz.
  • Ekialdeko atea: Armarri bera ageri da honetan, eta baita aipatutako arranoa eta garezurraren irudia era.

Aintzinako erromesen ospitale zaharra: Berreraiki egin da azken urteotan, eta ibiltarientzako ostatu modura egokitu. Kostatik igarotzen den Done Jakue bidearen hito garrantzitsuenetakoa da Ziortza, eta Bolibar herritik kolegiataraino jatorrizko galtzada edo bidarria gorde da. Altxor bat ibiltarientzako.